XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andreasek ez zuen tarte luzea egin Upsalan; Linneok, pozik Egiptoko aurkikuntzak zirela eta, beste norabait bidali nahi izan zuen.

Hegoameriketara oraingoan, han hiru urtez geratzeko.

Andreasentzat bidaia garrantzizkoa zen, zeren gero unibertsitate irakasle izan baitzitekeen.

Eta horrek asko esan nahi zuen, besteak beste, Emilierengatik.

Seguru haren aitak eta Ebbak onartu egingo zutela irakasle izanik.

Hala ere, arazoa zen Emilie haurdun zegoela...

Inork ez zekien, Magdalenak izan ezik.

Emiliek ez zion Andreasi esan nahi izan.

Jakinez gero, beharbada ez zion ekingo bien etorkizunerako hain garrantzizkoa zen bidaiari.

Pentsatu zuen beharbada Hegoameriketara lagundu beharko zuela.

Baina Magdalenak ideia burutik kendu zion.

Bere egoeran, larregiko ahalegina izango zen.

Emiliek ulertu egin zuen, eta Magdalenaren gutunean igar daiteke beldur zela Andrearentzako traba izango ote zen, eta ez zuen inola ere halakorik nahi.

Annikak Davidi mikrofonoa eskuetatik kendu eta errebeldiaz esan zuen:

- Bai, dena oso noblea!

- Magdalenak Emilie goraipatu zuen bere intentzio noblea zela eta.

- Eta Emilie haurdun zegoen arren, Andreasez hitzegiten da bakarrik, haren bidaia, haren lana, haren lizentziatura...

- Haurrak aipatu behar ez den zoritxar bat zirudien.

- Batez ere, umearen aita ez dadila arduratu!

- Eskerrak ez nintzen garai hartan bizi izan!

- Bai, entzule maiteok, gure lankidearen komentario hunkitua entzun berri dugu.

- Jarrai dezagun...

- Mesedez, David.

- Andreasek uda bukaera aldera abiatu behar zuen eta uda gehiena bere etxean eman zuen, Ringaryden.

- Jakina, Emiliek eta berak elkar ikusi zuten; baina neskak ez zion ezer esan haurraz.

- Bazituen beste kezka batzuk ere.

Jakob Selander, Emilieren aita, Andreas etxera itzuli eta bere alaba ikusten ari zela jakin zuenean, ez zen geldi egon.

Aspalditik zeukan asmoa Emilie adiskide aberats eta neska baino askoz zaharrago batekin ezkontzeko.

Malkolm Braxe zuen izena; Emilierekin maiteminduta zegoen, eta beti egon izan zen, Magdalenak idazten duenez.

Zeharo maitemindurik zegoen, baina Emiliek ez zeukan batere interesik.

Edonola ere, Andreas abiatu baino lehenagoko gaua heldu zen.

Agurtzeko elkartu ziren.

Eta une horrexetan, bat-batean, nahasmendu handia sortu zen.

Ez zuten batak bestea ondo ulertzen.

Bestalde, Emiliek kutxan aurkitu dugun zilarrezko brotxe loreduna jaso zuen.

Negar egiten zuen, etsiturik, banandu egin ziren..., nork bere bidetik jo zuten...